Era askotakoa da eta normalean data zehatz batzuekin lotzen da. Otsailaren 3a, San Blas eguna, ohitura da elizara joatea etxean egindako errosko-uztaiekin, santuari eztarriko gaitzen kontrako babesa eskatzeko. Gaztelerazko esaera zahar batek lekukotasuna ematen dio gertaera honi: “Por San Blas, si haces roscas comerás, y si no, no las catarás”. San Jose eguna, martxoaren 19a, Larragan kauserekin dauka lotura, etxean egiten direnak irina, ura, gatza eta azukrearekin.
Gabonetako jaiegunen bat ospatzeko (Gabon-gaua, Eguberria, Urteberri-eguna, Errege-eguna…) esnea, arbendol ehoa, azukrea, kanela-zotzak eta ogiarekin egiten den postre bat prestatzen da. “Sopa del niño” bezala ezagutzen da eta data horietan, ez da Larragako etxe batean ere falta. Larragako berezko beste jaki bat ogi txigortuak dira. Ogi txigortuak ura, anis-aleak, azukrea, irina eta arrautzekin egindako opil moduko batzuk dira. Hauek egiteko, sutan jartzen diren zirkulu-forma eta kirtena duten burdin batzuk erabiltzen dira. Ogi txigortuen prestaketa, udazken eta neguan egiten dena batik bat, ez dago jaiegun bateko ospakizun zehatz batekin loturik. Aitzitik, larragestar postre tradizio aberatsarekin erlazionatu behar da, Larraga oso herri “gozozalea” da eta.
Azkenik, abuztuan diren zaindariaren jaietan zehar badaude herrian bizi diren gizarte talde ezberdinei zuzendutako jardunaldiak (Umearen eguna, Erretiratuaren eguna, Emakumearen eguna,…). Badago ere, zelaian arrantxoa egiten zeneko aspaldiko ohitura gogoratuz, bertako anaitasunarentzako egun bat, pertzada on eta gozo baten inguruan bilduz.

